XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gizon horiek ireki bideetatik etorri zenaren nortasuna zerbaitetan badatza, proposamen eta kontraproposamen ezberdinen alde edo aurkako idazki ugarietan datza, hain zuzen: ordutik aurrera tradiziozko usadioak bakoitzean indar eskasagoekin eta euskalariek proposatzen zituzten berrikuntzak elkarrekin bizi, usu gurutzatu eta azkenik sistima bakar baterantz abiatzen dira, egungo grafi-sistima (hots, 3. garai hura) sustraituaz.

Halere, badagoke hain argi diruditen zatiketa hauen arteko etena ilunagotzeko xehetasunen bat edo beste: hala erakusten digute behintzat arestian egin azterketek, XIX. mendearen inguruan murgiltzen zen euskal giroaren kontu osoa emateko oraindik urriak badira ere.

Laka 1986an, esaterako, Astarloaren eredentziaz mintzatuz, Azkue gaztearen ideia anitzek gramatikalari (barka, apologista) horrengan dutela oinarri frogatzen zaigu eta, halaber, Azkue ez horren gaztearen hots, jada Euskaltzainburuaren erizpideetan gelditu hondarrez (hain hondar ote?) ohartzen.

Azkuek eta gainerakoek zaharkiturik ikusten zuten aurreragoko jarreratik aldentzeko eta bereizteko gogo bizia zeukatela begibistan dago, idazle eta idazlan zaharrei izan ziezaieketen begirunea gora behera; honek ez du azaltzen, ostera, zer dela eta erabili behar den, haiengan bete betean sinistuz, bereizi-nahi hura aurreritzi gisa heurak definitzerakoan.

Horregatik, XIXaren hasieratik bukaerara jauzia egon zela egia bada ere (eta uste horretan sendotzen gaitu Sarasolak (1976) erakutsi kopuruetatik atera daitekeen ondorioak), bakoitza bere lekuan jartzeko urruntasun nahikoa lor dezakegu jada hainbat gauzatan oraino hurbil ditugun arren, mende horretan zehar gertatutakoa (epeka gertatu arren ere) lotzen joateko, alegia, zeren eta inon, ez eta berton ere, ez bait da ezer ezerezetik jaiotzen.

Hitzon asmoa ez da XIX. mende bukaerako euskalarien orijinaltasuna zalantzan jartzea; aitzitik, erkaketaren bidez aurreragokoak dautzan gutxiestetik atera nahiko genituzke: haien idatzietan ondokoek zer hartu topatu zutenez gero, zer esan bazeukatela eta guk zer iker azpimarratu gogo dut.

Tradiziozko garaia ez da, izan ere, dirudien bezain deskribaerraz, ez zirelako (ezin zutelako, bidenabar) atzerriko grafiaren erabilera itsu itsuan gelditu, segidan aurkezten ditugun arrazoiak eta gertakariak direla bitarte:

1) Has gaitezen xeheenetik.

Mitxelenak (1978) azaldu bezala, erdal grafia egokitzeak berak arazo praktiko asko ekarri zituen euskal literaturaren lehendabiziko garaietarik: ez teoriarik egin baina idaztera zihoanez gero, idazlerik axolakabeenak ere aukera batzu egin behar izan zituen; gazteleraren grafia aski ñabarra izanik ere (orduan orain baino ñabarrago) ez da beti lortu zalantzan ibili gabe, bederen euskal hotsak (hau da, gaztelerak ez zituenak) behar edo nahi bezain berezi adieraztea (...).